XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), eta biharamunean gosalaurretik norberarenak jaso, motxila egin, izarak bazter batean pilatu, tapakiak ondo tolestaturik ohe gainean utzi eta... dena prest eduki behar genuela autobusera zuzenean eramateko.

Lagunontzat ez zen guzti hori berria eta ez gintuen bateretxo ere harritu.

Gainerako jendeen esanak ez nituen biltzerik izan.

Maisu Martxelen hitzak aurrera egin ahala, isila handiagotu eta astunagotu zela bai, eta azkenean esperoko kexa zaratak eta iskanbila sortu ez zela, nere harridurarako.

Ez zuen jendeak etxerako gogorik, noski, elur guztiak urtuta ere; baina bigarren arrazoiaren misterioak kilika zegien uxarka buru-bihotzen mamienean.

Jangelatik kanpora hasi ginenean, Bixarrek aparte hartu ninduen eta esan zidan: - Badakizu zein den Rosa, ez?, jaten-eta ematen dizuen gazte hori.

Bada, prest dago zu, nahi duzunarekin, bere etxera gaurkoz eramateko.

Pantikosan bertan bizi omen da.

- Oso-oso jatorra da, ikusiko duzu; eta nik badakit ziur adiskide minak egingo zaretela hirurok.

- Baietz...! Beno, orain zeuk esan norekin nahi duzun joan.

- Laurak joatea gehiegi litzateke. Bat aukeratu behar duzu.

Ez nuen zalantzarik izan Edurne aukeratzen, ze beldurti samarra bada ere, aldi berean egundoko kuraia eta bixitasuna bai bait du.

Ez nituzke Aduna eta Estitxu baztertu nahi, baina... Bixarrek gero aipatu zidanez, bi horiek berarekin nahiago omen zituen gauekoak egiaztatzeko; argi, hutsune eta hotsak bere begi-belarriz aztertzeko, ahalbait.

- Zoaz, Edurne hartuta, motxilak egitera.

Eraman itzazue Rosarekin etxetik ekarri guztiak, biharko ezer utzi gabe.

Bera orain sukaldeko azken lanetan duzue (...).